Pedro Rojo, director de la Fundación Al Fanar

, 04/06/2015

Azken asteotan asko hitz egin da Benjamin Netanyahuk AEBko kongresuan egindako diskurtso zaharraren inguruan. Orain Iran da koska baina, 2002an, Irak eta Saddam gabeko munduaren begitazioa izan ziren: “Saddamez eta bere erregimenaz libratzen badira” efektuak eskualdean “izugarri positiboak” izango dira. Netanyahuren deialdiaren oinarri bazen ere, bai Netanyahuk bai mendebaldeko gobernuek bazekiten ez zegoela suntsiketa masiboko armarik edo programa nuklearrik. Hamabi urte geroago, Irak hondatuta dago eta estatua milizia paramilitar sektarioen eskuetan dago, kanpoko potentzien esanetara. Era berean, lurraldearen % 30 okupazioa profitatu duen muturreko talde baten ankerkeriaren menpe dago.

Mohammad Sabaaneh.

AEBren okupazio estrategiak, eskualdean duen eragina zabaltzeko estrategia militar serioa izan beharrean, saiakuntza ideologiko ultraliberala ematen du. Honen ondorioz, AEBk “porrot estrategikoa”[1] izan zuen Iraken, Ali Khederyren esanetan. Bera, 2003 eta 2010 artean, bost enbaxadore estatubatuarren eta Komando Zentralaren hiru zuzendariren aholkulari berezia izan zen. Orduan, Iran “gaiztakeriaren ardatz”aren epizentroa zen. Hala ere, Irakeko kontuen kudeaketan lankidetza estua sortu zen Iranen aldeko alderdiekin, esaterako, Al Dawarekin (Al Yaafari, Maliki eta, orain, Haidar al Abadi lehen ministroena) edo Irakeko Iraultza Islamikoaren Batzorde Gorenarekin eta bere Bader miliziekin. Hauek, 2003ko maiatzean, Irak berriaren segurtasun indarren euskarri bilakatu ziren Paul Bremer okupazioaren prokontsularen aginduz aurreko segurtasun aparatuak eta Baaz alderdia desegin ostean.

Adimen handiz, pazientziaz eta kezkarik gabe, Irango erregimenak AEBren boterea ordezkatuz joan zen esfera guztietan. Obamaren porrotaren adierazgarri, 2010eko hauteskundeetan Joe Biden Bagdadera bidaiatu zen Al Iraquiya zerrendako hautagaiak defendatzeko baina apal-apal irten behar izan zuen hau argudiatuz: “ez dugu esku hartzen Bagdadeko barne kontuetan”. Khederyk aitortu bezala, “Malikiren 2010eko kabinetea Iraneko jeneralek pentsatu zuten Teheranetik”.

2011ko abenduan AEBko militarrek herria utzi zuten. Honek Bagdadeko gobernuaren politiken sektakeria maila igo zuen, bereziki, suni gutxiengoaren kontrako zigorrari dagokionez. Zapalketa honek, ustelkeriari eta zerbitzu faltari lotuta, Irakiar Iraultza piztu zuen kanpoko esku-hartzearen kontra eta burujabetza nazionala leheneratzearen alde. Iraultza honek ez zuen Egiptokoak edo Siriakoak aste batzuk geroago izan zuten estaldura bera izan: okupatzaileak ezarri bezala, Irak demokrazia bat zen eta “askatasunak” zituen; beraz, Irakeko herriak ez zuen bere gobernuaren kontra altxatzeko eskubiderik. Baina irakiarrak nazkaturik zeuden euren herria arpilatua eta suntsitua ikusteaz, erlijio ezberdina zuen aldameneko herriarekin haserretzera bultzatzen zitzaiela ikusteaz, herrialdeko beste eskualdeetara joatera eta erlijioen arabera taldekatzera derrigortuak izateaz. Irakeko armadak su eta gar zapaldu zuen iraultza hau eta, ondorioz, 2014ko urtarrilean iraultza armatu bilakatu zen. Washingtonek kalkulatutako anbiguotasunez jokatu zuen, izan ere, iraultzak Iranek Iraken zuen eragina gutxitu ote zezakeen ikusi nahi zuen. 2014ko ekainean, Mosul erortzean, Daesh (Irak eta Ekialdeko Estatu Islamikoa) bete-betean sartu zen gatazkan.

Hiru alderdiko partida, irakeko herriak galdu

Arabiar iraultza guztietan eta, gehien bat, kontrairaultzetan gertatu den moduan, Irakeko galtzaile nagusia irakiarrak berak izan dira. Gobernuaren kontra armak hartzean eta Bagdadetik iparralderako probintzia gehienak konkistatzean botere-hutsunea sortu zen. Daesh hutsune horretaz baliatu zen Sirian berriz sartzeko eta matxinoak askatzen zituzten hiriak kontrolatzen joateko, hauek Bagdadera zihoazen bitartean. Lehenengo aldiz, AEBk bi ibaietako herria inbaditu zuenetik, Iraken etengabeko eroriari irtenbide bat sumatzen zitzaion. Bagdad matxinoen batzorde militarrek setiatzen zuten. Hauek batasun nazionaleko gobernua eta indar armatuen berrantolaketa ez sektarioa eskatzen zuten. AEBk gogoan izan zuen aukera hau 2014ko uztailean ospatutako Ammaneko Biltzarrean. Bertan Irakeko oposizio gehiena bildu zen. Baina errealitatea gehiegi izan zen haientzat eta, beste behin, beste aktore batzuk erabaki zuten AEBren ordez; bai ez zirelako euren plana oposizioari inposatzeko gai izan, bai ez zutelako Iraken euren proiektuaren porrota onartzeko adorea izan edo bai erabakiak hartzeko moteltasunagatik.

Iranentzat zein Estatu Islamikoarentzat Iraken gobernu sendo eta ordezkagarri bat sortzea mehatxua da: Iranen kasuan, Irakeko politikaren kontrola galtzen zutelako eta, EI-aren kasuan, badakitelako herriaren sostengua duen armada nazionala haiek Iraken garaitzeko modu bakarra delako[2]. 2014ko udan, Irakeko matxinoek esku ez hartzeko eta euren etorkizuna erabakitzen uzteko eskatzen zioten Mendebaldeari. Bagdad hartzeko edo, behintzat, gobernua trantsizio-prozesua negoziatzera behartzeko gai izango zirela uste zuten. Une erabakigarri horretan, Daeshek, AEB gerran esku hartzera behartzeko, mendebaldeko iritzi publikoaren gaineko presioa areagotu zuen. Horretarako, jazidiak eta kristauak hil zituen baina, gehienbat, Erbil irakiar Kurdistaneko hiriburua eta inteligentzia-zerbitzu eta nazioarteko negozioen gune nagusia erasotzeko keinu ez oso serioa egin zuen.

Abuztuaren 8an Obamak irtenbide errazenaren alde egiten du: gatazkan era kosmetikoan esku hartzea airetik bonbardatuz, jakinda horrek indarkeria betikotuko zuela. Bonbardaketek eguneko 8 milioi dolarreko kostua dute eta argi eta garbi eznahikoak dira Daesh garaitzeko lurreko indarrik gabe; izan ere, borrokalari hauek ohiko borrokaren parametroak hausten dituzte, ez bakarrik ez direlako heriotzaren beldur, baizik eta hau ausarkeriazko ekintzen bidez bilatzen dutelako. Baina bonbardaketa hauek ez zuten AEBko iritzi publikoaren kontzientzia lasaitu; aitzitik, irakiar iraultza akabatu zuten eta, ondorioz, berrelikatzen den ekuazio sektarioa bizirik mantendu zuten, hau da, Bagdadeko gobernu xiita sektarioa eta bere aurkaria den EI suni muturrekoa. Terrorismoaren kontrako borrokak Bagdadeko gobernua birgaitu du, kirurgia plastikozko operazio baten bidez Malikiren ordez Abadi ezarriz. Hala, aurpegia aldatuz denak berdin jarraituko du, besteak beste, herritar zibilen kontrako bonbardaketak eta herritar sunien kontrako zigor sistematikoa. Estatu Islamikoarentzat lasaigarria zen Bagdaden horrelako gobernu batek jarraitzeak, zeren horrelako gobernu baten alde bertako herritarrek ez baitute bizitza emango Daeshen ankerkeriaren kontra borrokatzeko. Izan ere, Iranen aldeko milizien menpe geratzea ez da Ibrahim kalifaren zentzugabekeria baino lasaigarriagoa. Batez ere, Daeshek nazioarteko errekrutatze kanpainarako funtsezko elementua lortzen du: hain zuzen ere, kaliferri islamikoaren alde borrokatzeaz aparte, deabru yankiaren kontra borrokatzen dira. Berriz ere, ur nahasi horretan galtzaile, Irakeko herritarrak eta euren iraultza.

Abuztuaren 8az geroztik kanpoko eragileak bertara moldatuz joan dira. Iran eta bere miliziak Bagdadeko gobernuan; Daesh bere kontrolpeko lurraldeetan (Erresuma Batua bezain handia den eremua) eta nazioarteko erkidegoa lasai dago terrorismoaren kontrako gurutzadan diharduelako, horretarako giza-eskubideen urraketak larriagotzen baditu ere. Espainiak 2015eko otsailean Irakera bidalitako 300 soldaduek NBEk[3] eta Human Rights Watchek[4] salatutako segurtasun-indarrak entrenatuko dituzte. Segurtasun-indar hauek milizia sektarioetan oinarritzen dira eta, Amnesty International-en arabera[5], “legez kanpo aritzen dira eta herrialdeko ezegonkortasun gero eta handiagoaren kausa eta emaitza dira. Herritar-sektore guztiak benetan defendatuko lituzketen segurtasun-indarrak sortzea galarazten dute”.  Miliziak hauen buruen artean, Hadi al Amari parlamentaria eta Bader Brigaden liderra, Iran eta Iraken arteko gerran Iranen alde borrokatu zena, edo Abu Mehdi al Muhandis Irakeko Hezbollahren burua aurkitzen dira, azken hau 1983ko Kuwaiteko estatubatuar enbaxadaren kontrako atentatuagatik kondenatua. Talka-indar honetan du konfiantza Mendebaldeak Daeshek kontrolatutako lurraldea berreskuratzeko.

Gertatutakoa argia da entzun nahi duenarentzat: herriak askatu ostean bertako herritarren exekuzio sumarioak, Yurf al Sajr-en 2014ko urriaren 26an gertatu bezala, etxebizitzak suntsitzea, ustezko borrokalariei burua moztea, etab. Daeshek kontrolatutako zonak berreskuratzeko, horietako gehienak suniak, Bagdadeko gobernuak milizia paramilitar berri bat sortu du, are errukigabeagoa. HRWek[6] eta giza-eskubideen aldeko nazioarteko beste hainbat erakundek Al Hashas al Shaabi (Mobilizazio Herritarra) milizia hau “giza-eskubideen urraketak igotzeagatik eta gerra-krimenak egiteagatik” salatu dute. Baina are kezkagarriagoa da milizia hauek euren ankerkeriak harrokeriaz erakustea. Sare sozialetan esekitzen dituzten bideotan moztutako buruekin jolasten edo eskuz lotutako umeak hiltzen agertzen dira.

Irtenbidea hau dela pentsatzeak ez du inolako zentzurik, alferrikakoa dela ikusi baita arlo militarrean: Beiyi, irakiar segurtasun-indarrek berreskuratutako hiri handi bakarra (2014ko abenduan) Daeshek aste gutxitan berreskuratu zuen. Eta Daeshen kontrako irtenbide militarra arrakastatsua izango balitz ere, hasierara bueltatuko ginateke segurtasun-indarren eta Bagdadeko gobernuaren aurrean herritarrek sentitzen duten ezinikusiaren arazo politiko eta soziala konpondu ezean. AEBko diskurtso publikoak onartzen du konponbide politikorik gabe ez dela arazoa konponduko Hala, Marie Harf Estatu Departamentuko bozeramailearen arabera[7]: “ezin dugu gerra hau irabazi haiek hil bitartez. Kausen jatorrira joan behar dugu”. Baina jazoerak ikusita, argia da benetako konponbidearen aurrean epe laburreko adabakiak lehenesten dituztela, benetako konponbideak Iran Iraketik irtetera presionatzea eskatzen baitu. Obama presidentea Iranekin akordio nuklearra lortzearekin tematuta dago eta eskualdean kaosa mantentzeak ez du bera kezkatzen. Europak, ordea, uko egin beharko lioke ankerkeria hori ankerkeriaren bitartez borrokatzeari, horrek infernu sakonagoetan sartuko baitu Irak, etengabeko espiralean. Ez Charlie Hebdoren eta Tunisen abisuak ez Daeshek Libian, Algerian edo Egipton duen presentzia gero eta handiagoak ez dute europar politika otzana aldarazi. Era berean, Europak entzungor egiten die gure aldameneko arabiar herrien eskaerei, ez ordea babesten ditugun despota horienei.


Pedro Rojo arabista eta Fundación Al Fanar para el Conocimiento del Árabe fundazioko presidentea da.

 nº65 de Pueblos – Revista de Información y Debate, segundo trimestre de 2015.

OHARRAK: 

  1. Khedery, Ali: “Iraq’s Last Chance”, The New York Times aldizkarian, 2014/08/15. Ikus hemen: www.nytimes.com.
  2. Horrela kanporatu zuten Al Qaeda Irakeko hirietatik 2007 eta 2008an Esnatzearen Batzordeen inguruko tribu armatuek. Ikus: www.iraqsolidaridad.org/2009/docs/13_05_09_Pedro.html
  3. “Human Rights Council convenes a Special Session on abuses committed in Iraq by ISIL”, 2014/09/02. Ikus hemen: www.ohchr.org. Laburpena: “Irakeko segurtasun-indarrek eta Irak eta sortardeko Estatu Islamikoaren kontra borrokatzen duten talde armatuek egindako giza-eskubideen eta zuzenbide humanitarioaren urraketen berri jaso du, atxilotuen exekuzio arbitrarioak barne”.
  4. “Iraq: Campaign of Mass Murders of Sunni Prisoners”, 2014/07/11. Ikus hemen: www.hrw.org. Laburpena: “Gobernuak eta gertuko indarrek hilketa sektarioak egin dituzte”.
  5. “Iraq: Evidence of war crimes by government-backed Shi’a militias”, 2014/10/14. Ikus hemen: www.amnesty.org.
  6. “Iraq: Militias Escalate Abuses, Possibly War Crimes”, 2015/02/15. Ikus hemen: www.hrw.org.
  7. “We cannot kill our way out of this war”, 2015/02/18. Ikus hemen: www.msnbc.com.

 

Entradas recomendadas

Aún no hay comentarios, ¡añada su voz abajo!


Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *